Euskara helburu estrategikotzat badugu, euskal kultura ere estrategikotzat izan behar dugu, ezinbestean.
Euskara helburu estrategikotzat badugu, euskal kultura ere estrategikotzat izan behar dugu, ezinbestean.
Euskal Herrian kultura nagusiki euskaraz, frantsesez, espainolez eta ingelesez egiten da. Migrazioen eraginez, beste hizkuntza batzuetan ere egiten delarik. Gure abiapuntua euskaraz sortzen dena da. Gure helburua Euskal Herrian euskarazko kultura normalizatzea da, alegia, hegemoniko bihurtzea. Horrek, hasteko, ezaugarritze, definizio bat eskatzen digu. Zeri deritzogu euskal kultura? Euskal kultura euskaraz burutzen dena da. Horrek ez du esan nahi inondik inora erdaretan kulturgintzan ari diren herrikideak baztertzen ditugunik. Sortzeko orduan darabilgun hizkuntzari egiten dion erreferentzia da. Horrek esan gura du erdaretan ari diren herrikideei barneratu arazi beharko geniekeela Euskal Herrian zapaldua, gutxiagotua, menostua dagoen hizkuntza bakarra euskara dela eta ondorioz, euskarazko kultura ere gutxiagotua dagoela bere herrian. Erdaretan burutzen den kultura ere euskal kulturatzat hartzeak hizkuntzaren eta bere kulturaren errealitatea ezkutatzea dakar.
Argazkia: Ibai Arrieta
Bizi gaituen errealitate soziolinguistikoan frantsesez, espainolez eta ingelesez burutzen den kultura euskaraz burutzen denaren pare jartzeak euskarazkoa are gehiago gutxiagotzen du. Euskara egoera diglosiko nabarmenean dago. Euskal kultura euskaraz burutzen dena dela esateak autokontzientzia ariketa bat dakar berarekin, euskararen eta euskaraz burutzen den kulturaren egoera errealaren autokontzientzia ariketa bat, bai euskaraz ari denarentzat baina baita ere erdaretan ari denarentzat ere.
Euskal Herria euskaldunduko badugu, euskal kulturaren normalizazioa erdietsi beharko dugu. Euskal Herrian euskal kultura nagusi ez bada, ez dugu Euskal Herria euskalduntzea lortuko. Helburu hori lortzeko bidean, euskara eta euskal kultura bereizi ezinak dira, bidelagun banaezinak.
Euskara gutxiagotua dagoelako dago gutxiagotua euskal kultura.
Nazio eraikuntza ez da egundo erabatekoa izango euskal kultura nagusi ez bada, euskal nazioa euskaran eta euskal kulturan oinarritzen baitira, munduko ostantzeko nazioak legez.
Sormena gaitasuna erdiesteko
Iñaki Iurrebaso soziolinguistak azaroaren 4an Manu Robles Aranguiz fundazioak Bilbon antolatutako jardunaldiaren baitan eskaini zuen Euskararen egoera gaur. Zer diote datuek? azterketatik hainbat ondorio azpimarratu daitezke. Lerroburu nagusi gisa, gure uste harroan, honakoa: Gertuago gaude hizkuntz-heriotza egoera batetik elebitasun parekide batetik baino. Zer esanik ez, normalizaziotik.
Indargune eta ahulgune nagusiak ere identifikatu ditu Iurrebasok:
- Indargunea: Euskararekiko dugun jarrera, motibazio eta atxikimendua. Horri esker eusten diogu egungo egoerari. Horri esker ez gaude okerrago.
- Ahulgunea: Hizkuntz-gaitasun eza. Ondorioz, euskaldunon gehiengoak errazago egiten dugu erdaraz euskaraz baino.
Nor Naizen Baneki. Argazkia: Ainhoa Resano
Argazkia: Ibai Arrieta
Berrogei urte eman ditugu euskara ezagutzeak berez erabilera eragingo zuelakoan. Ezagutza= Erabilera. Eta horrela gertatu da, hein batean, bistan denez, hizkuntza bat gero eta lagun gehiagok ezagutu, probabilitate gehiago baitago hiztun kopurua handitzeko. Ostera, egungo datuek erakutsi digute hori ez dela nahikoa inondik inora euskararen normalizaziorako. Alegia, ezagutzatik erabilerarainoko bidean ezinbestekoa dela gaitasuna lantzea. Bestelako faktore batzuk egongo dira hizkuntza bat erabili edo ez hautatzerako orduan baina argi dago hizkuntza bat erabiltzeko nahikoa gaitasun ez izatea gakoa dela. Hizkuntza batean aritzeko ziurtasun nahikoa ez duenak menperatzen duen beste hizkuntzara egiten du. Eta nola erdietsi daiteke hizkuntz-gaitasuna? Ba, besteak beste, kultur sormenaren bitartez.
Joan diren azken bost urteotan egin diren azterketa guztiek argiro erakutsi digute egungo ikasleen gehiengoak ez duela gaitasunik sentitzen eta pentsatzen dutena euskaraz adierazteko. Euskal Herri osoko hezkuntza sistemetan ikasten ari diren euskal herritarrak ez dira gai euskaraz diskurtsoak eraiki, pentsamendua landu edota sentimenduak identifikatu eta adierazteko. Ezin dute ez diegulako baliabide nahikorik eskaintzen. Eta hori oztopo handia da pertsona baten garapen integralean.
Oztopo hori gainditzeko sormena lantzea proposatu gura dugu. Eskaini diezaiegun ikasleei pentsatzen eta sentitzen dutena adierazteko ahalik aukera eta baliabide gehien. Eskaini diezaiegun pertsona orok dituen gaitasun intelektuala eta emozionala garatzeko ahalik eta bitarteko gehien. Gero bakoitzak hautatuko du baliagarrien zaiona.
Pertsonaren garapen integralerako eta erabilera bermatu dezakeen hizkuntz-gaitasuna eskuratzeko kultur adierazpide guztiak lantzea da proposatzen duguna: antzerkia, arte-plastikoak, bertsolaritza, dantza, komikia, literatura, musika eta zinema. Kultur sorkuntzaren transmisioaz ari gara.
